Skip to content

Haruki Murakami: Munduari begirada lasaia

Oso modan dago Haruki Murakami idazle japoniarra. Ia astero azaltzen da egunkarietako kultur gehigarrietan. Arrakasta handia du, eta hori definizio arriskutsua izan daiteke literatura bezalako arlo batean; arrakasta eta kalitatea gutxitan joaten direlako elkarrekin.

Milaka liburu saltzen dituen arren, Murakamiren literaturak ez du zerikusirik best seller-en munduarekin. Ziur aski, gaur egun bera da idazle japoniar ospetsuena mendebaldean, baina Murakamiren estiloak ezaugarri zehatz batzuk ditu, eta beharbada, ezaugarri nagusia pop kulturaren elementuen etengabeko erabilera da; filmen izenburuak, erlojuen edo automobilen markak, jazz abeslarien kantak…

Oso istorio arraroak topatzen ditugu bere liburuetan. Batzuetan errealismo magikotik hurbil dagoen estiloa erabiltzen du, baina beti jakiten du irakurlearengan jakinmina pizten, abilezia zailenean maisu delako, agian: sentimenduen, lekuen eta egoeren deskribapen sakonak egiten ditu, baina esaldi handinahi eta egitura konplexuak erabili gabe.

Goi mailako literatura izan arren, Murakamiren eleberriak oso irakurterrazak dira, eta hasieratik bereganatzen dute irakurlearen arreta. Profil psikologiko korapilotsuak dituzten pertsonaien bizipenak gaur egungo ingurune hurbilean kokatuta, Murakanik argi uzten du Europako eta AEBetako bizitza estiloak sortzen dion zirrara. Sentimendu hori oso hedaturik dago Japonian.

Bere literatur ibilbidean eleberri luzeak (horietako batzuk, 600dik gora orri dituzte) eta kontakizun laburrak daude. Istorio arrotzak noizbehinka, leku eta garai hurbiletan maiz, narrazio ederren bidez kontatuak, eta ariman kutsu goxo eta iraunkorra uzten duten horietakoak.

Gaztezulo aldizkarian argitaraturiko erreseina

http://www.gaztezulo.com/profilak_view.php?uuid=75&id=esc

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies