Skip to content

“Kontrarioa”: Galtzailearen xarma.

Lander Garrok oreretarrak Raul Oliveira pertsonaia berreskuratu du bere lehendabiziko eleberrirako. Errenteriako Pontika auzoa eta hango biztanleentzako omenaldia izan nahi duen lana.

 

– Saiakeran eta kontakizun laburretan aritua zara. Nolakoa izan da eleberrigintzan izandako esperientzia?

 

Ez zait oso esperientzi ezberdina iruditu. Neuk argazkiak egiten ditut aspaldi, kazetaritzan aritua naiz, eta orain telebistan egiten dut lan. Guztietan saiatzen naiz istorio bat kontatzen, izan dadila istorio interesgarria, ahal bada, eta dibertigarria, estimulagarria, badakizu. Hala ere, nobelak badauka zerbait oso berezia, ze une batetik aurrera istorioak berak eta pertsonaiek zure kontroletik ihes egiten dute, eta, hortik aurrera, hasi behar duzu gauzak idazten euren ‘baimenarekin’, nolabait esan, eurekin akordioetara iritsiz, beraz, zuk nahiko zenukeena sakrifikatuz.

– Oso garai eta kokapen zehatz batean gertatzen da  eleberria. Istorioa kontatzeaz gain, 90ko Errenteria deskribatu nahi zenuen?

 

Bai, baina Errenteria zehatz bat, ez Errenteria oro har. Mila orriko nobela beharko nuke 90. hamarraldiko Errenteria azaltzeko. Azaldu dudana izan da bazterreko auzoetako pertsonaia batzuen bizitzaren zatitxo bat, euren jatorri tristea, euren patu petrala, euren borroka ‘zerbait’ izateko, eta borroka horretan egindako bekatuak.

– Gordintasuna eta bizitzaren gogortasuna ageri da istorioan zehar, hala ere umorea era badago. Ez da egiteko konbinazio erraza…

 

Esango nuke horretarako asko baliatu dudala Britainia handiko umore beltza, hango tradizio zinematografikoa, Ken Loachek, Stephen Frearsek, Danny Boylek eta abarrek egiten dutena (edo zutena). Umorea oso-oso ona da gauza tristeak kontatzeko, ze egilea (idazlea) oso posizio neutroan jartzen du, irakurleari berak nahi duena sentitu dezan askatasuna emanez. Ez duzu esaten: «hara zein istorio tristea, ea negar eginarazten dizudan», esaten duzu: «istorio bat kontatuko dizut, zuk nahi duzuna pentsa dezazun». Bestetik, umorea neuri oso erraza egiten zait, halakoxea naizelako neu ere, gauzei alde komikoa eta estrafalarioa bilatu zalea, agian neure baitan izaki mindu bat bizi delako, min horren aurka zer edo zer asmatu behar duena, ezkutu modukoa, edo ezkutaleku modukoa, nahi baduzu.

– Galtzaileen xarmagarritasuna izan liteke lan honen ideia nagusietako bat?

 

Dudarik gabe; ez dakit nork esan zuen: «ez ezazu porrot eder bat izorratu garaipen erdipurdiko batekin». Porrota oso literarioa da, batik bat plastikozko eta silikonazko perfekzioa eta “profiden” irribarreak saldu nahi zaizkigun garaiotan.

– Raul Oliveira protagonista berreskuratu duzu eleberri honetarako. Hurrengo proiektuetan azalduko da?
Raul Oliveira da inoiz egin dudan gauzarik zintzoena, egiazkoena. Ia ezinezkoa iruditzen zait noiz edo noiz berriz azalduko ez dela pentsatzeak. Fanteri Bandinik bakean utzi ez zion bezalaxe, Oliveira aldamenean eramango dut beti. Lagun onak gara.

“Kontrarioa” (Lander Garro) Susak argitaratua. 201 orri ditu. 17 euro.

Elkarrizketa hau AUX Magazine (www.auxmagazine.com) aldizkaran argitaratu zen 2010ko udazklenean.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies