Skip to content

Picassoren zaldia, gure herriaren irudi dekadentea

Asier Serrano idazle eta abeslariak olerki-bilduma berri bat argitaratu du. Han, gure gizartearen analisi gordina egin du antiheroi baten gogoeten bidez. Eszeptizismoa eta desmitifikazioa dira lan honen ardatz nagusiak.

Hamar urte igaro dira zure lehendabiziko poesia liburua, Bada hiri gorri bat, argitaratu zenuenetik, olerkigintza mundua utzi ez arren, azalduko diguzu poesia berriz ere argitaratzeko zergatia?

«Bada hiri gorri bat» kaleratu eta lasterrera jarraitu nuen azken liburu honetarako poesiak idazten, gero alboratu egin nituen tarte luze batez. Bestelako proiektuetan egon naiz sartua, gehienak musikagintzara zuzenduak. Nire asmoa hori zen, poesia kantagintzarekin uztartzea. Behar bati erantzuten kaleratu dut azken liburu hau, berreskuratze lan bat izan da, etapa eta estilo batekin bukatu gura nuen. Orain bestelako estilo bat darabilt, askoz ere zuzenago eta zabalagoa. Hala ere, narratibak eman dezakeen lirikotasunarekin nabil gustura azken aldian.

 

Lanaren izenburuak iradokizun ahalmen handia dauka, nola azalduko zenioke irakurleari Picassoren Zaldia zer den?

Picassoren zaldia kontzeptu bat da. Estetika jakin bat. Troiako zaldi suntsitu bat, gure herriaren irudi dekadentea. Liburuko pertsonaia «Gernika»  koadroan sartu eta bere iraganeko pasarteak ekartzen ditu gogora. Kontzeptua aitzakia izan da borrokaren eta maitasunaren irudiak nahastu eta desmitifikatzeko. Antiheroi baten gogoetak dira liburuko poesiak, bazterreko desertore batenak. Autokritikatik asko duen liburua da, bestearen lekuan jarri eta gure bekatu txiki eta handiengatik barkamena eskatzeko era bat.

Eszeptizismoa al da olerki bilduma honetako sentimendu nagusia? Poemak, horietako batzuk amodiozkoak izan arren, mingarri eta ezkor samarrak dira.

Bere sentimenduak ezkutatzen dituenak noizbait lehertu behar du. Liburuko ahotsak nostalgia mingarriz deskribatzen du bere iragana. Ahotsaren eszeptizismoa errealitatea ezagutzetik dator, inguruari begiratu eta paisaia kiskalian mina besterik ez du aurkitzen, traizionatua sentitzen den traidorearen irudia da berea. Gure egungo gizartea inspirazio iturri ezin hobea da zoritxarrez, eszeptizismoa zer den jakiteko.

 

Poemek, duela urte batzuk idatzitakoak izan arren, gaurkotasun ikaragarria dute, kezkagarria omen da haien tematikan erreparatuz gero.

Hamar urte dituzte poema gehienek, orain kontzeptu horren inguruan besterik ez ditut kokatu poemok. Zer aldatu da bada hamar urtetan, inora heldu ez diren bi sueten bizi izan ditugu. Aukerak desegiteari plazera hartu diogula dirudi, okerrera goaz. Lehen behintzat interes apur bat bazegoen, bazegoen militantzia soziokultural ezohiko bat. Indibidualismoak kalte egin digu, bakoitzak bere beldurrekin segitzen du, gure sentimenduak adierazteko zailtasunak ditugu. Badirudi tren bagoi geldi bakarrean denok gabiltzala besteari aulkia lapurtuz, kontrakoa izan beharrean, alegia, tren berean denok aurrera egin.

Aski ezaguna da zure ibilbidea musikagintzan, liburu honetako zenbait poema abesti bilaka litezke epe ertainean?

Lehen aipatu bezala bestelako estilo baten bilaketan nabil. Poesia errezitaldiren bat emango dut, baina hasieratik nekien liburuko poemak ez zirela kantu izateko jaio, badute berezko leku bat paperean, eta hor utzi nahi ditut orri zurian inprimatuak. Azken urte hauetan nabil bereizten ikasten, zein testu izan daitekeen poema, zein abesti, zein ipuin baterako gai. Nire azken aldiko lorpenik handiena hori izan daiteke, sentimendu bakoitzak bere gelatxoa behar duela ohartzea.

 

Elkarrizketa hau AUX Magazine aldizkarian argitaratu zen 2008ko urtarrilean.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies